Dieselgate

DieselGate auziaren inguruan asko hitzegin da azken asteetan. Gertakari hauek agerian utzi dabez industriatik aspaldian erabiltzen diran iruzurrak, eta bereziki automozioko industrian. Baina iruzur honetatik haratago, guzti honek beste hainbat gako garrantzitsu utzi dauz agerian, gure gizartearen portamoldearen inguruan kutsaduraren aurrean eta klima aldaketaren inguruan:

  • Argi dago kolperik handiena, ordurarte izen ona zueneko enpresa batek hainbat urteetan iruzur egin dauala jabetzea izan dala. Isurien murrizpen bat egin beharrean zegozanean, zentzu gehiagoko neurriak hartu beharrean, besteak beste katalizatzaile edo filtratze sistemen erabilera, sahiesbide bat hartzea erabaki eben, motorea trukatuz entsaiuetan potentzia murrizteko, aldi berean isuriak murriztuz. Modu honetan, hainbat urteetan errepideetan ehun milaka kotxe ibili dira kutsadura maila handiak sortzen, ingurugiroko araudiak bete gabe.
  • Honetaz aparte, Dieselgate etorkizunean luzatu daitekeeneko iruzur bat bihurtu daiteke. Volkswagen enpresak oraindik ez dau argitu zelan konponduko dauan arazoa, eta hemen sortzen dira zalantza gehienak. Software bidezko edozein konponketak, hasieran enpresak adierazi dauanez, motorearen potentziaren jaitsiera bat suposatuko leuke, beste piezen aldaketarik egiten ez dan bitartean. Software-eko aldaketa bakarrik egitekotan, kotxeen ezaugarriak murriztuko lirateke, iruzurra luzatuz. Volkswagen-ek beraz funtsezko aldaketak egin behar ditu, besteak beste katalizatzaile edo filtratze sistemak jarriz.
  • Dieselgate-ek baita ere isurien neurketak egiten diraneko modua kolokan jarri dau. Software baten bidez detektatu daikegunean ze unetan ari diran isuriak neurtzen, motorearen portamoldea aldatzeko, iruzurrerako tentazioa sortua dago. Baina iruzurreko tentaziotik haratago, Diselgate-ek erakusten dauana, neurketak ohikoak ez diraneko gidatze baldintzetan egiten dirala da, bestela motoreak etengabe bere portamoldea aldatzen egongo litzakelako neurketa baten dagoela detektatzeagaitik.
  • Dieselgate auziak orokorrean klima aldaketaren inguruan dagoeneko ezjakintasuna agerian utzi dau, eta aldaketa probokatzen daben gasena. Aurreko sarrera baten azaldu neban bezala, nitrogenoko oxidoak, iruzurra sortu dabenak, CO2-a baino 250 bider beroketa ahalmen handiagoko negutegi efektuko gasak dira. Hau dela eta, ez du zentzurik PIVE laguntzak ez itzultzea defendatzea “CO2ko isuriak trukatu ez diralako”, trukatutako isuriak askoz ere kutsakorra deneko gas batenak izan diranean.
  • Dana dan, manipulatu diran nitrogeno oxidoen arriskua klima aldaketatik haratago doa. Gas hauek arnas-sistemako eritasun larriak sortarazten dabez, eta urtean estatuan gertatzen diraneko aireko kutsadurarekin lotutako  27,000 heriotz baino gehiagoren eragile garrantzitsuak dira.
  • Ikustear dago oraindik Dieselgate-ek Volkswagen-en salmentetan euki leiken eragina, baita auzi honetan inplikatuta dagozaneko beste enpresatan ere. Eta honetan aitortu behar dot batere baikorra ez nazala. Aldez aurretik agerian utzi dogu gizarte bezala oso oroimen laburreko gizartea garala industriarekin lotutako iruzurretarako, eta oraindik gehiago iruzur horiek ingurugiroarekin lotuta dagozanean. Hau dala eta, nahiz eta hasieran salmenten beherakada bat gertatu daitekeen, nik uste dot luzeagora begira Volkswagen-ek aldez aurretik eukazaneko salmenta mailetara bueltatuko dala.

Guzti hau ikusita, zalantza bat sortzen jat: gizarte bezala, prest al gagoz erreakzionatzeko, akatsetatik ikasteko, eta enpreseei portamolde etiko bat eukitzea eskatzeko? Galdetzearren…

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: