Eusko Jaurlaritzak 2015-2025 Estrategia Energetikoa-ren lehen zirriborroa argitaratu dau. Oraindik ere indarrean dagoan Euskadiko Estrategia Energetikoa 2020 (3E2020), baina energiaren sektoreak azken urteetan izan dauazaneko aldaketak ikusita, Eusko Jaurlaritzak estrategia hau berrikusi behar dala ulertu dau, eta hurrengo hamar urteetarako berritzea. Aldaketa hauen artean, krisialdi ekonomikoaren luzapena, sektore energetikoaren erreformak, 3E2020 estrategiako helburuen garapen motela, Europar Batasunaren helburuak 2030era begira, edo petroleoaren prezioaren jaitsiera dagoz, estrategia energetiko berri bat garatzera behartzen dabenak 2025era begira. Proposamenaren analisi bat egin dot, eta EQUO Euskaditik egingo doguzaneko alegazioak partekatzen dautsuedaz.

Aurkeztutako proposamenak, Europar Batasunak daukazaneko helburuak ahazten dauz. Helburu hauen arabera, 2020rako negutegi efektuko gasen isurpenak %20an murriztu beharko genduzan 1990 urtearekin alderatuz, energiaren %20a iturri berriztagarrietatik etorri beharko  litzateke, eta eraginkortasun energetikoaren bidez, kontsumo energetikoa %20an murriztu 2020 aurreikuspenekin konparatuz. Baina, estrategia energetikoa aztertzean, hainbat kontraesan agertzen dira:

  • Negutegi efektuko gasei dagokionez, aurkeztutako proposamenak bere helburu orokorretan 1.6 MtCO2 murriztea proposatzen dau, EBk eskatzen dauana baino gehiago. Dana dan, helburu honek ez dauka garapen zehatzik estrategiaren garapenean, eta beraz baliogabe gelditzen da.
  • Energia berriztagarriei dagokionez, 2025ean energi iturrien %16a berriztagarria izatea proposatzen dabe bakarrik, naiz eta EBk jarritako helburua %20a dan. Estrategia energetikoak proposatutako helburua beraz ez da nahikoa, eta gorago jarri beharko litzateke.
  • Eraginkortasun energetikoari dagokionez, ez da batere erraza emandako datuekin konparazio bat egitea. Aurreikuspenak 2030erako adierazten dira, europako helburua 2020rako da, eta estrategiarena 2025erako. Daten nahaste honek helburu bakarra euki leike: argitasun faltagaitik, helburua ezin aztertzea.

Epe luzera begira, estrategia energetikoak 2050erako aipatzen dauazan helburuak Klima Aldaketako Euskal Estrategia 2050-etik datoz, baina ez dira zuzenak, edo zentzugabeak dira. Ezinezkoa da negutegi efektutko gasen isuriak %80an murriztea, energia berriztagarriak bakarrik %40a izanik. Hau lortzeko bi modu baino ez dagoz: energiaren kontsumoa modu nabarmenean murriztea, edo energia nuklearra erabiltzea. Kontutan izanda estrategia energetikoan energia nuklearra aipatzen ez dala, argi dago energiaren kontsumoaren beste %60a negutegi efektuko gasak emititzen jarraituko dauala (gasa, petroleoa, ikatza). Kalkuluak eginda, helburu hauek lortzeko modu bakarra energiaren kontsumoa %40 baten murriztea izango litzateke 2025-2050 eperako. Kontutan izanda oraingo estrategia energetikoaren helburua kontsumoa konstante mantentzea proposatzen dauala hurrengo 10 urteetarako, ez dirudi errezegi hurrengo 25 urteetan %40an kontsumo energetikoa murriztea. Epe luzerako helburu honek beraz energia berriztagarri gehiago ezartzeko konpromezua behar dau, edo kontsumo energetikoaren murrizte handiagoa 2015-2025 urteetan, oraingo estrategia energetikoak proposatzen dauana baino.

Industriari dagokionez, berriztagarriekin lotutako proposamen guztiak, energia termikoarekin lotutakoak dira. Tokian bertan sortutako elektrizitaterako egiten dan proposamena kogenerazioa da. Kontutan izanda sektore industrialean erabili gabeko estalki azalera handiak daukaguzala, sistema fotovoltaikoak ezartzeko aproposak diranak, eta gainera altuera baxuko eraikinen parke industrialetan sistema mini-eolikoak jartzeko aproposak dirala, energia berriztagarri elektrikoak kontutan hartu beharko lirateke industrian.

Garraioan, deigarria da kotxearen erabilera partekatua aipatu ere ez egitea, carsharing edo carpooling sistemen bidez. Mota honetako sistema gehienak (batez ere carpooling-ekoak), kotxe elektriko txikiak dira, eta beraz kontsumo eta isuri baxukoak. Holako sistemak sustatuz, mugikortasun pribatua pixkanaka bertan behera gelditzea lor geinke, ibilgailuen flotaren berritzea lortuz aldiberean. Carsharing-ari dagokionez, ibilgailuen okupazio handiago batek berehala kontsumo energetikoaren eta isurien gutxitzea ekarri dau.

Sektore primarioari dagokionez, estrategia energetikoa eta bere helburuak oso eskasak dira. Eraginkortasunerako laguntza orokorrak proposatzen dira, eta apostu argi bakarra baliabide agroforestalak energi iturri bezala erabiltzea da. Sektore primarioan, eta batez ere nekazaritzan eta abelzantzan, energia berriztagarriak garatzeko leku interesgarriak izan daitekez, hondakin biomasaz aparte, bai berriztagarri termikoetan (eguzki indar termikoa, geotermia), baita elektrikoetan ere (fotovoltaika, eolika, minihidraulika). Beharrezkoa da beraz beste teknologia berriztagarri guztiak sektore honetan bultzatzea.

Berriztagarriak sistema elektrikoan bultzatzeko aukerak aztertzean, parke eoliko handiak jartzeko posibilidadea agortua dagoala dirudi. Baina gero, proposamenak egiterakoan, potentzia eolikoa hirukoiztea proposatzen da, eta energia berriztagarri elektrikoak bultzatzeko inbertsioen %61a teknologia honetara doa. Beste teknologia batzuk, fotovoltaika bezala, %6a hartzen dabe bakarrik. Hau gutxi balitz, 2025 elektrizitatearen %11 bakarrik berriztagarriekin sortuko dala proposatzen da, nahikoa ez daneko helburua, eta gure lurraldearen potentzialetik nahiko aldenduta dagoeneko helburua. Berriz ere Europar Batasunetik ezarritako helburuak alde batera uzten dauz Eusko Jaurlaritzak, energia berriztagarriak ahaztuz.

Laburbilduz, aurkeztutako estrategia energetikoak ez dauz Europar Batasunak jarritako helburuak beteko, zehastasun gabea, eta maiz zentzugabea bere helburu eta proposamenetan, eta berriz ere, gure lurraldeak energia berriztagarriak garatzeko daukan potentziala ahazten dau. Estrategia energetiko honek Eusko Jaurlaritzak gas naturalaren alde egindako apostua mantentzen dau, sistema energetikoaren oinarri bezala.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.