Oraindik ere Fracking-aren kontrako HLE-ren ajearekin gengozan, eta Geminis baimeneko kanpaina sismikoa aztertzen, albistea ustekabean heldu zanean: ingurugiro inpaktuko aitorpena onesten zan Fulmar baimenean bi gas putzu zulatzeko. Maiz komentatzen gendun baimen honen jarraipena egitea komenigarria zala, baina bere inguruko albisterik ez egoteak, segurtasun irudipen faltsua sortzen eban, geroago arreta jartzeko eperik eukiko bagendun bezala. Eta bapatean, albistea.

Bizkaiko baimenak

Bizkaiko baimenak

Egia esan, Bizkaiko mapa bat ikusteak, eskatutako eta onetsitako gas eta petroleo baimenekin, izutzen dau. Bai, laukitxo horien azpian, gure lurraldea dago, baina argi gelditzen danez, ez dago ia lekurik saltzeke une honetan. Lauki urdinak behintzat eskatutako lekuak dira, eta oraindik ere onartzear dagoz. Baina ardura gehien sortzen dauskuna, Saia eta Fulmar-ez aparte, beste baimen guztiak fracking-ekoak dirala da. Argi dago enpresa eta erakunde batzuren interesa, Texas barria izango garala aldarrikatzea dala, gas eta petrolioa darioneko lurra, agindutako lurreak eztia erion bezala.

Baina itzuli gaitezan Fulmar baimenera, une honetan Bizkaiko kostaldean daukaguneko ardurarik larriena bait da. Fulmar baimena, Repsol-ek (%82) eta SHESA enpresa publikoak (%18) daukateneko kontzesio bat da, itsasoan kokatuta, Gabiota plataformaren iparraldera. Bi enpresa hauek bi putzu zulatzeko baimena eskatu dabe, orri honen goiburuko irudian ikus daikeguzaneko kokaguneetan. Beraien proposamena, lehenik eta behin Fulmar-1 putzua zulatzea da, kostaldetik 17 km-ra, eta emaitzen arabera, bigarren putzua zulatzea, Pelicano-1, kostaldetik 22 km-ra dagoana. Zulaketa ontzi batetik egingo litzateke, Kanariar irletan egindako zundaketen antzera, nahiz eta oraingo honetan itsas hondoa ez dan hain sakona, 500 eta 700 m-tan bait dago itsas azaletik. Dana dan, ingenieritza ariketa bezala, imajina daikezue zein zaila izan litekeen mugimenduan dagoeneko ontzi batetik 500-700 m-tan dagoeneko zulaketa helburuan ondo jotea?

Ingurugiro inpaktuko aitorpenera bueltan, ohiko dinamika aurkitzen dogu. Istripu baten probabilitatea eta arriskuko kontzeptuak beraien intereserako nahasten dira. Ingurugiro inpaktu bat baloratu gura danean, biak kontutan hartu beharra dago, eta batez ere, beraien kobinazioa. Maiz ikusi bait dogu probabilitate baxuko gertakariak gertatzen dirala ingurugiro hondamenak sortuz. Fulmar-ekin loturiko adibide bat jartzearren, ezin ahaztu Deep Water Horizon plataformak orain dala 5 urte Mexikoko golkoan sortutako hondamen itzela, oraindik ere eragin bortitza daukana inguru horretan. Honetan larriena, hidrokaruburoen industriak ezer ikasi ez dauala istripu hartatik, eta The Guardian-ek onartzen dauan bezala, gaur hondamenditik inoiz baino gertuago gagoz , enpresa hauek bere lasterketa zoroan jarraitzen dabelako, gero eta arrisku handiagoak hartuz.

Fulmar baimeneko putzuen kasuan, egoera berdintsuan gagoz, eta nahiz eta istripu bat gertatzeko probabilitatea baxua dala onartzen dan, bere ondorioak larriak izan litekez kostaldean, Red Natura 2000-ko babestutako guneetan eraginez, eta bereziki hegazti, zetazeo eta dordokak kaltetuz. Guzti hau gainera Ingurugiroko Ministeritzak adierazita, nahiz eta ministerioak berak zulaketak onesten dauazan azkenean.

Galdera oso erraza da: Bizkaian arrisku hauek onartzeko prest gagoz? Argi dago alderdi batzuk presta dagozala, besteak beste  EAJ (SHESA Eusko Jaurlaritzako enpresa publikoa da) eta PP, sistema zoro honen azken tantak zukutzeko prest dagozanak, enpresa gutxi batzuren interesak pertsonen eta planetaren aurretik jarriz. Har daiguzan serioski ONUko  eta Nazioarteko Energia Agentziako adituek egindako gomendioak: hondamenezko klima aldaketa saihestu nahi badogu, hidrokarburoen erreserben %80a lurrazpian utzi beharko doguz. Has gaitezen beraz eredu energetiko garbi eta osasuntsu baterako aldaketa egiten, energia aurrezte eta eraginkortasunean oinarritutako, herritargoaren eskuetan dagozaneko energia berriztagarriekin bat.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.