Energia gure gizartearen oinarrizko baliabideetako bat bihurtu dogu. Izatez, gaur egun norbaitek imagina leike energiarik gabeko gizarte bat posible litekeenik? Energia neurririk gabe xurgatzen dauaneko gizarte bat eraiki dogu, eta nahiz eta argi daukagun askok xahutze hau ezin dogula denboran mantendu, sistemak eta enpresa energetikoek gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituzte. Irabazi Euskadin argi daukagu energia herritarron eskuetara itzuli beharra dagoala, iraultza energetikoa azpitik abiaraziz.

Energia zoritxarrez ez da ikusgarri dagoaneko baliabide bat. Argi asko ikusten dogu noiz erablitzen dogun ura, edo beste baliabideren bat, baina energia? Ikustezina izanik, askotan ez gara jabetzen egunero egiten doguneko kontsumoaz. Bi hilean behin bakarrik nabaritzen dogu gure etxera faktura heltzen danean.

Energia gure gizartean daukan garrantzia ikusita, harrigarria da alderdi politiko gehienek orain arte honi emandako garrantzia. Batez ere kontuta izanda hurrengo urteetan gure eredu energetikoa eraldatu behar dogula kontutan hartzen badogu, erronka latzei erantzun behar daualako: Menpekotasuna, baliabideen iraupena, banaketa, klima aldaketa eta demokrazia falta.

Hauen aurrean, zer egin daikegu? Kapitalismoa eta multinazionalak pertsonen eta planetaren kontra dagoz, ondo dakigu hori, eta ez dabe gura energia herritarron eskuetara pasa daiten. Mundu osoko gobernuek eta politikariek ez dabe ezer egin orain arte. Hitz politak bakarrik, baina benetako ekintzarik gabe. Ostrukaren politika jarraitzen dogu energiaren arloan: arazo baten aurrean, burua lurrazpian eskutatu, arazoa desagertu arte, edo beste norbaitek konpondu arte. Eta bitartean, politika energetikoa behar ebaneko bidean eraldatu beharrean, kontrako norabidean doa, gero eta proposamen zoroagoak eginez:

  • Fracking-a, planeta azken tantaraino zukutzea baino ez dana, hidrokarburoen zabor bonoak erauzteko: arrisku altua, krisi ziurra
  • Energia nuklearra, Garoñako zentral nuklear zaharkitua berrirekitzea proposatuz, herritargoarekin errusiar erruletara jolaztea baino ez dana, Iberdrolaren onurarako bakarrik
  • Euskadin gas naturalaren alde egindako apustua, energia berriztagarriak alde batera utziz
  • Enpresa energetiko handien irabazi ekonomikoak lehenestea, pertsonen beharren aurretik

Argi dago ezin dogula gure itxaropena erakunde handien eta multinazionalen eskuetan jarri. Horregaitik, iraultza energetiko bat abiarazi behar dogu, baina azpitik, energia herritarron eskuetara itzuliz. Ezin dogu gehiago itxaron, klima aldaketa moteltzeko epea agortzear bait dago. Nazioarteko Energia Agentziak, 2017an itzulirik gabeko unea izango dala iragarri eban 2011 urtean. Argi dago ordutik ona behar direneko neurriak ez dirala hartu. Horregaitik argi dago ezin dogula gehiago itxaron, eta besteek neurririk hartzen ez badabez, guk geuk, herritarrok, eredu energetikoa aldatuko dogu, txikion iraultza, azpitik abiarazitakoa, iraultza kooperatiboa.

Argi daukagu ze bidetik joan behar dauan eredu energetiko berria: aurrezte eta eraginkortasun energetikoa, herritarren eskuetan dagoeneko energia berriztagarrietan oinarritutakoa. Honetarako, Irabazin proposamen argiak daukaguz. Ondo dakigu iraultza energetikoa azpitik egiteko, energia herritarron eskuetara itzuliz, tokiko politikatik abiarazi behar dogula, udal eta eskualdeetatik:

  • Udal, eskualde eta foru mailako auditoria energetikoak egin beharra dago, zelan kontsumitzen dogun ezagutzeko, eta tokiko baliabide energetikoak zenbatzeko
  • Tokiko energia aurrezte planak abiarazi behar dira, eraginkortasun poltsak ezarriz, hau da, neurriak ezartzen diran einean lortzen diran diru aurrezteak, neurri berriak finantziatzeko erabiliz
  • Burujabetza energetikorako planak, udal, eskualde eta foru mailan egin eta martxan jarri
  • Tokiko erakundeak izan behar dira aurrekari, herritargoak argi ikus dagian bestelako eredu energetikoa erabilgarria dala
  • Beti ere azpitik lan egiten, tokitik, kooperatiba herritar txikiak bultzatuz, pertsonak politken muinoan jarriz, herria gure lemazain izan dagian

Lehen aipatu bezala, argi daukagu udalak eta foru erakundeak, lekurik aproposenak dirala iraultza energetiko hau abiarazteko, hori da hauteskunde hauetara aurkezteko arrazoietako bat. Txikiak izan gintekez, baina etorkizuna txikion, pertsonen eskuetan dagoala argi asko daukagu. Itzuli daiguzan pertsonak politken muinora, energia herritarron eskuetara itzuliz. Eraiki daigun jendartea eta erakundeen arteko zubia, herritarron ahotsa erakundeetara helarazteko. Azken finean, Irabazi daiguzan erakundeak, etorkizuna herritarrontzat irabazteko.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: