Lemoiz Lemoniz

Lemoiz daukat gaur buruan. 29 urte pasa dira Txernobileko zentrale nukelarraren istriputik. Ordutik ona pasatakoaren datuak itzelak dira: 985,000 hildako, 350,000 beren etxeetara itzuli ezinik, sekulan gertatutako ingurigiroko hondamenik larrienetakoan.  Gaur egun ere nabaria da ezbehar honen ondorioa, eta zentralaren inguruan radiazio mailak oso altuak dira. Istripu honek hainbat gauza jarri ebazan agerian: energia nuklearra ez dala guztiz segurua, istripuak gertaten diranean oso larriak dirala, eta gainera, urte askotan mantententzen dirala ondorioak.

Ordutik hona, argi dago ez dogula ezer ikasi, eta orain dirala 4 urte beste istripu larria euki gendun Japoniako Fukushimako zentralean, bere ondorioak oraindik ere ikustear dagozanak. Gertuago etorrita, Garoñako zentralaren inguruko gorabeherak daukaguz, oraindik ere zaharkituta dagoeneko zentrale nukelarra hau berriz ere martxan jarriko ote dan ez dakigularik. Ezin ahaztu Bilbotik 58 km-ra dagoala Garoña, eta istripuren bat gertatzekotan, tokiz aldatu beharreko jendetza itzela izango litzateke.

Bizkaian bertan, energia nuklearrak irekitako zauria irekita dago oraindik ere. Lemoiz-ko zentrale nuklearra, naiz eta amaitugabeko eraikin bat dan, oraindik ere zutik dirau. 1972an hasi zan zentrale hau eraikitzen, baina 1984ko moratoria nuklearrak martxan jartzea ekidin eban. Gaur egun, naiz eta moratoria nuklearra indarrean ez dagoan, argi dago Lemoiz martxan jartzeko planik ez daukala bere jabea dan Iberdrola enpresak. Horregaitik, bada garaia erakundeek esku har dagien, zentralaren jabeek eraikina desegiteko, Basordas-eko kala herriari itzuliz, betiere eraikinak beste erabilerarik ez badauka. Argi asko daukat Lemoiz-ko udalak edo Bizkaiak ere eremu horretan aurrera eroateko ekimenik bururatuko jakozala.

Dana dan, Lemoiz-ko zentrala eta honen inguruan garatutako plangintza osoa, eredu energetiko zentzugabeko baten ispilu da. Lemoiz-ekin bat, beste bi zentral planteatuta egozan, Ispaster eta Deban. Ispasterrrekoa izatez zentrale erraldoia izango litzateke, 6 GW eukiko ebana totalean. Modu horretan, hiru zentrale hauek bakarrik, gaur egun estatu osoan dagoaneko potentzia baino gehiago eukiko eben. Plangintza guzti hau bertan behera gelditu zan 1984ko moratoria nuklearrakin, askorako enpresa elektrikoen erreskate bat baino izan ez zana.

Urteak pasa dira ordutik, eta argi dago plangintza energetikoari dagokionez ezer ikasi ez dogula.  Mundu mailan joera energetikoa argia da energia berrtiztagarrien alde. Baina gure lurrera etorrita, joera guztiz alderantziz doa. Kilometro gutxi batzutan, Bizkaiko kostaldean bertan, fracking-eko proiektu bat daukagu indarrean Uribe Kostan, Gabiotako gas biltegia Bermeoren aurrean, itsasoko beste gas proiektu bat Gabiotaren iparraldean, tentsio altuko urazpiko kable elektriko baten proiektua Bordelekin konektatzeko, Superportuko eta Boroako gas naturaleko ziklo konbinatuak… eta bitartean, energia berriztagarriak alde batera utzi dabez erakundeek, kontsumitzen dogun energiaren %7a bakarrik bertako berriztagarriak dirala, estatu mailean %15a dan bitartean.

Bide asko daukagu beraz egiteke energiaren arloan Bizkaian, gure eredu energetikoa iraultzeko, baina argi dago honetarako abiapuntuetako bat Lemoiz-en daukaguneko zauri ireki hau behingoz ixtea dala.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.