Energia, gure gizarteko oinarrizko lehengaietako bat da. Guztia, energiaren sarbide eta kontsumoaren arabera antolatu dogu. Gure gizartea eta sistema ekonomikoa, energiaren kontsumoaren menpe dagoz.
Dana dan, sistema energetikoak erronka garrantzitsuak daukaz, besteak beste, baliabideen agortzea, banaketa desorekatua mundu mailan eta gure artean ere, energiaren inguruko erabakietan mekanismo demokratikorik ez egotea…
Premiazkoa da trantsizio energetiko bat abiaraztea, aurreztea, eraginkortasuna eta herritarron eskuetan dagozan energia berriztagarrietan oinarrituta egon behar dana. Trantsizio honek erronka asko daukaz, bai teknikoak, baita gizarte mailakoak ere. Baina lehen bait lehen abiarazi beharra dago, gaur eguneko sistema energetikoak daukazan inpaktoak murrizteko. Dana dan, baliteke erronkarik handiena, trantsizioa bera izatea, ez bait daukagu argiegi zein dan biderik onena gura doguneko helburua lortzeko.
Betidanik, herritargoak ez dau aukerarik euki energiaren inguruko eztabaidan parte hartzeko, gai konplexua delako aitzakiarekin, zeinean adituek bakarrik iritzia emateko eskubidea daukaten. Hau dela eta, gizarteak ez dau ezagutzen bere kontsumo energetikoak sortzen dauazan arazoak, ez eta zelan murriztu bere kontsumoa. Blog honen helburua, sistema energetiko korapilotsu hau argitzen saiatzea da, bere eboluzioa zelakoa izan daitekeen aztertuz, eta norberak bere kontsumo energetikoaren inguruko erabaki onak hartu ahal izateko irizpideak emanez.