Cop21 Energia Cambio Climatico IEA

COP21, Parisen abenduan ospatuko dan klima aldaketaren kontrako gailurra, hedabide nagusietan oharkabean pasako dala dirudi. Dana dan, eta kontutan izanik beroketa globalaren kontra borrokan inflexio puntua izan daitekeala, gizarte mugimendu eta talde ekologistak, nazioarteko hainbat erakundeekin batera, mobilizazioak prestatzen ari dira, eta gailur honetatik atera daitezkeen akordioak aztertzen.

Nazioarteko erakunde hauetatik bat, Nazioarteko Energia Agentzia (IEA) da, bere lehen analisia argitaratu dauana. Txosten honetan, gaur egunean klima aldaketaren kontrako borroka ikuspegi energetikotik aztertzen dau, hainbat herrialdeek aldez aurretik bidalitako proposamenak aztertu, eta gailurraren helburua deneko 2ºCtako beroketa ez gainditzea lortzeko proposamenak egiten dauz. Txosten honen izena “Energy and Climate Change” da, eta bertan ondorio interesgarriak argitaratzen dira, ikusiko dogun bezala. Dana dan, eta agentzia honekin ohikoa danlez, etorkizunerako aurreikuspenetan tekno-baikortasun xamarra agertzen da, eta energia nuklearraren inguruan ikuspegi edulkoratua agertzen dau. Baina joan gaitezen txostena aztertzera.

Energia COP21-ean

Negutegi efektuko gasen bi heren energia sektoreak sortuak dira. Hau dela eta, COP21 gailurrak modu eraginkorrean klima aldaketa borrokatzea nahi badau, energiaren alorrean neurri garrantzitsuak hartu beharko dauz nahitanahiez.

Azken 40 urteetan lehenaldiz, 2014 urtean energiarekin lotutako isuriak konstante mantendu ziran, nahiz eta mundu mailan ekonomia hazi zan. Hau, hazkuntza ekonomikoa eta isuariak desakoplatzen hasi diralaren seinale da, alde batetik prozesu ekonomikoen eraginkortasun energetikoaren hobekuntzagatik, eta bestetik energia berriztagarrien erabilera handitu dalako. Dana dan, gaur eguneko gasen isurien abiadurarekin jarraitu ezkero, 2040 urterako klima aldaketa bortitz bat eragiteko negutegi efektuko gas nahiko isuriko genituzke, beroketa globala 2ºC baino gehiagokoa izanik. Premiazkoa da beraz neurriak hartzea, eta gainera ahal bezain pronto.

Herrialdeen proposamenak. Apostu eskasa

COP21 gailurraren gakoetako bat, herrialdeek aldez aurretik bidali behar dabezaneko ekimenerako proposamenak dira, INDC bezala ezagunak diranak. Hauetan, negutegi efektuko isuriak murrizteko neurriak azaldu behar dabez. Herrialdeak nahiko atzeratu dira bere proposamenak bidaltzen, eta nahiz eta une honetan 122 proposamen bidali diran, IEA-k bere azterketa egin ebanean (maiatzak 2015), isuri guztien herena suposatzen zuteneko herrialde batzuenak soilik eskuragarri egozan.

COP21-en arrakasta edo porrota, estatuek bere proposamenak INDC-etan aurkeztean erakusten dabeneko asmoetatik etorriko da. Eta maiatzerarte bidalitako proposamenen azterketa ezin da penagarriagoa izan. Beste herrialdeek antzerako proposamenak egin ezkero, 2100 urterako isuri genitzakeeneko gas kantitate osoa 2040ean kontsumituko genituzke, ezer egingo ez bagenu baino 8 hilabete geroago. Porrot itzela COP21-entzat, batez ere kontutan hartzen badogu gailurraren helburua planeta segurtasunean mantentzea dala gutxienez 2100erarte. Espero daigun COP21en aurretiko negoziaketetan eta gailurrean bertan, anbizio gehiagoko akordiak lortzea herrialde guztien artean.

Etorkizunerako proposamenak

Herrialdeen konpromezu falta ikusita, IEAk COP21-era begira egindako txostenean hainbat proposamen egiten dira modu nabarmenean negutegi efektuko gasen isuriak murrizteko, datozeneko belaunaldietarako klima aldaketa bortiz bat gertatu ez daiten. Honetarako, bi jokaleku proposatzen dabe, osagarriak diranak.

Lehenengo jokalekua, Zubi jokalekua deritzaiona, COP21-era bidalitako konpromezuetan oinarritzen da, eta neurri gehigarriak proposatzen dauz gailurraren helburuaren %60a lortu ahal izateko. Proposatutako neurriak hauek dira:

  • Eraginkortasun energetikoko hobekuntzak
  • Eraginkortasun gutxiko ikatz zentraleen itxiera mailakatua
  • Berriztagarrietan inbertsioen gehikuntza 2030erarte
  • Erregai fosilen diru laguntzen ezabatze graduala
  • Gas eta petroleoaren produkzioaren metanoko isurien murrizketa

Gaur egun bideragarriak direneko neurriak dira, eta erabaki eta bultzada politikoa bakarrik behar dabenak. Izatez, neurri hauen analisiak erakusten dauana, negutegi efektuko gasen murrizketa garrantzitsu bat lortzeaz gain, 1.6 bilioi dolareko aurreztea suposatzen dabela, eta aldi berean 1,700 milioi pertsona elektrizitaterako sarbidea lortuko lukete, bere bizi kalitatea modu nabarmen baten hobetuz.

Tamalez, Zubi jokalekuak ez dauz behar beste murrizten negutegi efektuko gasen isuriak, COP21 gailurreko helburua betetzeko, eta klima aldaketa bortitza saihesteko. IEAk azken urteetan beste jokaleku baten lan egiten eta proposatzen egon da, 450 jokalekua bezala ezaguna dana, zeinean isurien maila segurtasun tartean mantentzen dan. Hau lortzeko, teknologia berrien garapena bizkortzea proposatzen dau, besteak beste energi biltegiratzea, sare inteligenteak, erregai alternatiboak eta elktrifikazioa garraioaren sektorean, eta batez ere energia nuklearraren itzulera eta CO2-ren harrapatzea eta biletgiratzea. Neurri hauek aurrera eroanez, negutegi efektuko gasen isurien murrizketa garrantzitsu bat lortzea posible izango litzateke.

Argi dago proposamen hauek oso tekno-baikorrak dirala, planetaren etorkizuna oraindik nahiko garatu gabeko teknologietan oinarritzen bait dau, edo CO2-ren harrapatze eta biltegiratzearen kasuan hain zalantzagarriak diranak. Teknologia honek proposatzen dauana, laburki azalduta, CO2-a harrapatzea da, eta lurrazpian iniektatzea, hainbat mendeetan bertan bahituta egon dalakoaren esperantzarekin. Eta hau ez aipatzearren energia nuklearraren aldeko apostua, oraindik ere bere hondakinen kudeaketak irtenbiderik ez daukanean, eta bere segurtasun falta nabaria danean.

Nabarmendu beharra dago 450 jokalekuak hainbat nazioarteko erakundeek normalean egiten dabeneko planteamendua errepikatzen dauala: ez dau hazkundearen paradigma kritikatzen, eta beraz, munduko ekonomia %1ean haztea ahalbideratzen dabeneko irtenbideak proposatu behar dauz. Eraginkortasun energetikoak ezin dau baldintza horietan kontsumoaren handitzea konpentsatu, eta beraz IEAk oraindik frogatu gabeko teknologien aldeko apostua egin behar dau, edo arriskutsuak diran beste batzuk proposatu, energia nuklearra eta CO2-ren harrapatzea eta biltegiratzea. Eta bien bitartean, agerian dagoeneko irtenbidea ahaztuten dau: osasuntsua daneko planeta baten bizi gura badogu, klima aldaketa bortitz bat sahiestuz, energia eta beste materialeen kontsumoa murriztu beharko dogu. Eta aldi berean, Zubi jokalekuko beste proposamen guztiak aurrera eroan. Modu honetan bakarrik lortuko dogu planetaren etorkizuna etortzekoak diraneko belaunaldietarako ziurtatzea.

Espero daigun oraingoan, nazioarteko buruzagiek aurrean daukateneko erronkari neurria ematea, eta COP21 gailurra gizarte berri garbiago eta osasuntsuago baten hasiera izatea.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: