Mapa de la red eléctrica de muy alta tensión en la CAV

Tenstio altuko sare elektrikoa gaindimentsionatuta dago gure lurraldean. Red Eléctrica Española-ko planoak begiratzean argi gelditzen da hau, izatez hiru eskala maila desberdin erabili behar dabez gure lurraldean dagoen sarea era onean adierazi ahal izateko1, eskala orokorrean horrenbesteko lieneekin ez litzatekeelako ezer ulertuko. Egoera hau ulergarria izan daiteke, gure lurraldean industria elektrointentsibo ugari bait dago. Halere, REE-k berak sare nahikoa ez dagoala erabaki dau, eta konexioko linea barria proposatu dau, Gueñes-Itsaso. Tentsio oso altuko linea, 400 kV, luzeran 70 km baino gehiago eukiko dauana, eta Bizkaia alde batetik bestera gurutzatzen dauana, 17 udalerri zeharkatuz Bizkaian, beste bat Araban, eta 7 Gipuzkoan. Lubaki garrantzitsua gure ingurugiroan, tentsio oso altuko linea hauei lekua egiteko, zabaleran 90 metroko pasabideak egin behar diralako bere luzera osoan, bertan dagozan zuhaitz guztiak moztuz.

Proiektu hau aspalditik daukagu mahaigainean, baina azken aldian bultzada handia hartu dau Red Eléctrica Española-ren aldetik, eta 2018ko udazkenean obrak hastekoak dira. Proiektu honen hasierako justifikazioa, goi tentsioko iparraldeko eraztuna deritzona ixtea izango litzateke. 400 kV-etan dagozan goi tentsioko lineen pasabide bat, kantauri isurialde osoa konektatuz. Baina, jarraian dagoan sare elektrikoaren mapa begiratu ezkero, pasabide hori amaituta dagoala ikus daikegu, eta izatez bide bikoitz batetik: Gueñes-Gatika-Amorebieta-Itsaso-Hernani, eta Gueñes-Gatika-Azpeitia-Hernani2.  Badagoz beraz bi bide, Gatikatik pasatzen diranak, kantauri isurialde osoa konektatzen dabenak Hernanirekin, eta hortik, Frantziara.

Red Eléctrica en la CAV

Dana dan, proiektu hau barriz ere Sare Elektrikoaren Garapen Planean (2015-2020) agertu danean, hau justifikatzeko beste bi arrazoi agertu dira: murrizketa teknikoen ebazpena, eta nazioarteko trukatzean laguntzea. Beheko taula honetan ikusi daiteke3:

Descripción de la línea Güeñes-Itsaso dada en la planificación estratégica

Lehenengo arrazoiak, murrizketa teknikoen ebazpena, ez dauka zentzu askorik gaur egun. Euskadiko goi tentsioko sare elektrikoak ez dauka benetako arazorik, eta hornidura elektrikoa kalitate altukoa da, aipagarriak diraneko etenik gabe. Gure lurraldean goi tentsio sare sendoa daukagu, ziurrenik industriak daukan pisu handia dala eta.

Linea honen benetako gakoa, badirudi bigarren arrazoian dagoala: nazioarteko trukatzean laguntzea. Nazioarteko lotura bat aurreikusita dago, Gatikako azpiestazioa, Frantzian dagoan Cubnezais-eko azpiestazioarekin lotuko leukeana. Lehen aipatu bezala, iparreko eraztunaren itxiera gaur egun Gatikako azpiestaziotik egiten da. Nazioarteko lotura Gatikatik egin ezkero, sareko nodo hori saturatu liteke. Linea barria eraiki behar da beraz, Gueñes-Itsaso, nazioarteko lotura hori eraikitzen dan unean, sortu litekezaneko murrizketa teknikoak eragozteko.

Aipagarria da azpiegitura hau justifikatzeko antolatu dan kanpaina mediatikoan ematen diran beste arrazoiak. Aipatu da adibidez4 azpiegitura hau AHT-ri energia emateko beharrezkoa dala. Esan beharra dago aitzaki hau guztiz faltsua dala. AHT-ari energia emateko hiru azpiestazio erabiliko dira: Vitoria-Gasteiz, Hernani, eta Luminabaso. Lehenengo biak ez dagoz ezta linea honen bidean. Luminabaso Amorebietan dago, bertatik linea hau pasatzen dalarik. Baina Luminabasoko proiektua ez da goi tentsioko linea horretara lotuko, baizik eta 220 kV-etan eraikiko dan azpiestazio barri batera, Abadiano-Sidenor linearekin lotuko dana5. Argi dago argudio hau iruzurra baino ez dala.

Red Eléctrica Española-k beste argudio bat erabiltzan dau baitere proiektu hau defendatzeko: energia barriztagarri gehiagoren sarrera ahalbideratuko dauala6. Goi tentsioko lineak, energia barriztagarri asko instalatutako tokietatik elektrizitatea ateratzeko aukeretako bat izan daitekez. Nafarroan adibidez saturazio pixkat dago bertan sortzen dan energia guztia ateratzeko, baina proposatu daneko linea hau ez dago Nafarroarekin lotuta. Lehentasuna barriztagarriak ateratzen laguntzea izango balitz, lehenik eta behin Tafalla eta Itsasoren arteko linea eraikiko litzateke7. Alderantzizkoa egiten ari da, eta Gueñes-Itsaso lineari eman jako lehentasuna, energia barriztagarrien inplantaziorik baxueneko lurrande baten lotura elektrikoa hobetzeko8.

Amaitzen joateko, azpiegitura honen alde ematen daneko argudioetatik azkena, elektrizatearen kostuaren beherakada ekarriko dauala da, batez ere nazioarteko interkonexioarekin lotuta. Nazioarteko interkonexio hauek benetan elektrizitatearen prezioa merketzen ote daben edo ez, beste sarrera baten landuko dot sakonki, Gatika eta Cubnezais lotu gura dauzaneko proiektua aipatzeko unean.  Baina bai aurreratu neike gobernuak sortutako transtsiozo energetikorako adituek argitaratutako txostenean kontrakoa aipatzen dala, prezioen gorakada bat ekarri daikeala honelako konexio batek.

Laburbilduz, goi tentsioko linea barri bat egitea proposatu da, erabilgarria izango dana bakarrik Frantziarekin lotura eraiki ezkero, eta hau martxa osoan lan egingo baleu, Gatikako azpiestazioa saturatuz. Bitartean, Bizkaia erditik ebakiko dauan proiektua eraikitzear dago, zabaleran 90 metro eta luzeran 70 km daukazaneko mozketa bat sortuz, aberastasun natural handiko guneetatik. Eta triskantza hori justifikatzeko, egi erdiak eta gezur itzelak ematen dira. Baina pentsatu daigun une batez, zer gertatuko litzateke Gatikako proiektua azkenean teknikoki eta ekonomikoki bideragarria ez dala demostratuko balitz9, eta azkenean eraikitzen ez bada? Kontutan izan behar dogu Frantziarekiko lotura hau oraindik tramitazio eta analisiko lehen etapatan dagoala. Eraikiko ez balitz, azpiegitura handi bat eukiko genuke gure lurraldea zeharkatzen, ia erabilerarik gabe. Baina inor ez dadila beldurtu, Red Eléctrica Española-k obraren dirua kobratzen jarraituko dauala… gure fakturetatik!

Nota

Nota
1 Sarrera honen buruan dagoan irudia, sarearen mapa orokorra da, eta horretan tentsio oso altuko sarea adierazten da bakarrik, 400 kV-koa. Sarreran dagoan beste planoa, bigarren eskala mailakoa da, eta honetan tentsio baxuagoko linea batzuk agertzen dira, 220 kV eta 132 kV-ekoak. Hirugarren eskalako beste plano bat falta da, Bilbo Handia eta bere ingurua adierazten dauana
2 Mapan, 400 kV-eko lineak gorriz dagozanak dira. Gueñes-Itsaso proiektua marra ez-jarraian adierazitakoa da
3 Gueñes eta Itsasoren arteko linea eraikita dagoanean, benetako konexioa Abantorekin egingo da, Gueñeseko azpiestazioa saltatuz. Horregaitik aipatzen da Abanto taula horretan
4 El Correo-n: Las obras de la línea de alta tensión que cruzará 17 pueblos de Bizkaia arrancarán tras el verano
5 Azpiestazio barri hau gorago jarri daneko mapan ikus daiteke, berdez dagoan linea baten
6 Etb-n: La línea de alta tensión Güeñes-Itsaso comienza a construirse en un año, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan
7 Azken barriak: REE-k argitaratu barri dau proiektu honetarako parte-hartze prozesu bat abiaraziko dauala, baina Tafallarekin lotu beharrean, Muruarteko azpiestazioarekin lotuko litzateke
8 Gogoratu behar dogu estatuko kontsumo energetikoan barriztagarriak %17a suposatzen dabela, baina EAEn energia barriztagarriak %7a baino ez dira
9 Aldez aurretik aipatu bezala, beste proiektu honen inguruan sakonki hitz egingo dogu beste sarrera batzutan

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.