Asko hitzegin dot azken urteetan Fracking-aren inguruan, bai blog honetan, bai hitzaldietan eta prentsan ere. Behar bada gogaituta egongo zarie nire partetik gai honegaz. Hiru urte t’erdi pasa dira Patxi Lopez-ek Texas-en fracking-a egiteko proiektuak argitaratu ebanetik, eta oraindik ere teknika kutsakor eta arriskutsu honekin jarraitzen dogu borrokan. Dana dan, gaur azaldu nahi dodana, teknikaren zergaitia da, hau da, zer dala eta, honen teknika arriskutsua proposatzen dan, beste aukera garbiagoakoak eta seguruak eskuragarri daukaguzanean.

Fracking-aren bilakaera azkarra Estatu Batuetan, eta Euskadira ekartzeko grina azaldu gura badogu, bi zoramenen istorioa dala esan beharra dago. Bi zoramen paraleloan, bata Estatu Batuetan, eta bestea Euskadin, azken urteetan elkartu diranak. Hauek aztertzeko, iraganera bueltan joan beharra daukagu:

  • Estatu Batuetan, 2000. hamarkadaren hasieran, urte pare baten petroleoaren prezioa bikoiztu zan. Une aproposa izan liteke hori eredu energetikoa aldatzeko honek daukazaneko erronkak ikusita. Baina aldaketa hori abiarazi beharrean, ihesi zoro baten, ordurarte errentagarriak ez ziraneko gas eta petroleo hobiengan jarri eban ikuspuntua. Aldi berean, ordurarte ezaguna zaneko frakturazio hidraulikoko teknikak hobekuntza nabarmenak izan ebazan, zulaketa horizontalak eta bolumen altuko frakturazioen arloan, arbel gasa erauzteko prozesua erraztuz, eta gaur egun ezagutzen doguneko Fracking teknika sortuz. Teknikaren hobekuntza eta prezioen gorakada nahiko ez zala dirudi, azken bultzada bat behar zan. Eta bultzada hau etorri zan 2005ean, George W Bush eta Dick Cheney-ren eskutik, Energy Policy Act deritzaion legearekin bat. Lege honen bidez, hidrokarburoen industriak diru laguntza barriak hartzen ebazan, eta aldi berean Fracking-ean erabiltzen direneko jariakinak ingurugiroko legedia ez betetzea onartzen zan. Orduan hasi zan teknika honen igoera geldiezina… Geldiezina, 2010eko hamarkadan gas naturalak prezioen beherakada izugarria euki eban arte, erauzte preziotik behera geldituz. Estatu batuetako enpresek Europara begira jarri ziran orduan, gure kontinentean gasa prezio altuak mantentzen bait dauz.
  • Euskadira bueltan, zoramena 80ko hamarkadan hasi zan. Eusko Jaurlaritzak gasaren aldeko apostua egin eban, munduko beste hainbat lekutan bezala. Hasieran bilakaera arrunta jarraitu ebaneko estrategia honek, baina laster gaingarapen izugarria izan eban. Gaur egun, Bizkaian bakarrik, gasifikazio planta daukagu superportuan gasa itsasontzitik sartzeko, gasodukto nagusiko konexioa Frantzia eta estaturantz, Gaviota gas biltegia, eta hiru gas naturaleko ziklo konbinatua. Ez al da larregi honen lurralde txiki baterako? Baina noski dago, estrategia guzti hau hemen erauzten ez doguneko baliabide baterako, zentzugabea da. Hori dala eta, aspalditik dago Eusko Jaurlaritza gure lurrazpian gas bila. 1997an Armentia putzuan Gasteizen alboan gas naturala aurkitu zan, arbeleko formazio batean. Gutxi gora behera orduantxe hasi zan fracking-erako teknika berrien garapena, eta ordutik dabil Eusko Jaurlaritza teknika hau gure lurraldean erabiltzeko nahiean.

Hainbat urte pasa dira bi zoramen hauek hasi ziranetik, fracking-aren mehatxua gure ateetara ekarri dabenak. Baina eredu energetikoaren erronkei erantzun zuzena eman beharrean, hauek areagotu egin dira. Bada garaia behingoz apostu arriskutsu hauek alde batera uzteko, fracking-aren arriskua gure herritik aldentzeko, eta energia berriztagarri eta garbiak bultzatzeko. Hori da izatez aukerarik onena maite dogun Bizkaia hurrengo belaunaldientzat uzteko.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.