Alarma-ohiuak hasi dira. Astelehenean hondeatzaile bat eta kamioi bat agertu ziran lanean Mundaka-n. Argi dago beraz Mundaka-ko portua dragatzeko eta Laidako hondartza berreskuratzeko plana martxan dagola. Berriz ere arriskuan jartzen da Europako olaturik baloratuena, eta babes bereziko gune bateko hondartza eta kostaldea.

Burura datoz gune honetan egindako azken lan handien ondorioak, Muruetako ontziolako ontziei irteera errazteko dragatuaren ondorioz, Mundaka-ko olatua hainbat urtez desagertu zala. Ezin ahaztu Urdaibaiko estuarioa sistema dinamiko bat dala, itsasadarra, Mundaka-ko barra (olatua sortzen dauana) eta Laidako hondartzaren artean orekan mantentzen dana. Beraietako bat eraldatzeak ondorio garrantzitsuak sortu leikez besteengan, hauetatik berreskuratzeko denbora nahikoa beharko dalarik.

2014ko urte hasierako ekaitzen ondorioz, Laidako hondartza ia guztiz desagertu da. 2014ko uda ez zan nahiko izan hasierako egoerara itzultzeko, eta orain arduraz ikusten da hareatza honen etorkizuna erakundeetatik. Azken finean, harerik gabe ezin saldu Aldundiak hain gogoko daukan eguzki eta hondartzako turismoa. Eta beste hainbatetan bezala, ez dago arazorik behar beste diru ordaintzeko jendea harean etzanda egon ahal izateko, buelta ta buelta.

Plana erraza da: Mundaka-ko portua dragatzen dogu, bertetik 5,000mhare ateratzeko, beste 35,000m3 hondartzako beste leku batzuetatik, eta hondartzaren birsortzerako metaketa ederra sortzen dogu. Eta hau gutxi dirudienez, prozesua azkartzen dogu hondartzako iparraldea itsasbeheran goldatzen dogu. Behar dan guztia! Operazio honek kostatzen dauazaneko 320,000 €-ak nonbaitetik atarako doguz… eta aurten ondo irtetzen ez bada, datorren urtean errepikatzen dogu, behin eta berriz behar izan ezkero.

Oso bitxia da plan hau zehaztera zelan heldu diran jakitea. Azti-tecnaliak egindako txosten baten oinarritzen da. Txostenean gaur eguneko egoera aztertzen dabe, eta hondartza berreskuratzeko proposamenak egiten dira. Aukerarik onena egoera egonkortzeko ezer ez egitea dirudi. Gune hau sistema dinamiko bat da, eta hainbat urte pasa ondoren hasierako egoerara itzuliko da, eta gainera modu egonkorrago baten. Hurrengo proposamena gutxienezko ekintza bat da, Mundaka-ko portuko  dragatuaz baliatuz. Honen helburu nagusia hondartzako ekialdean dagozaneko azpiegitura batzuk babestea izango zan. Bi aukera hauek ez dabe ziurtatzen aurtengo udarako Aldundiaren nahiak aseko lukeeneko hare nahiko egoterik. Hau dala eta, txostenak egiten dauazaneko bi proposamenak batu dabez: totalean  40,000 m3 harerekin betetzeak ez dau ziurtatzen datorren urterako iraungo dauanik, eta itsabeheran goldatzeak, nahiz eta hondartzaren birsortze naturalago bat ahalbideratzen dauan, beranduegi hasiko da aurtengo udarako eraginik izan gabe.

Baina Bizkaiko Foru Aldundian tamainako proiektuak gustoko dabez, ondo ikusten diranak, horregaitik hartu dabez abantaila gutxieneko proposamenak, garestienak diranak, eta batu dabez, aldi berean eginez. Eta guzti hau inguruan sortu daitekezaneko ondorioak kontutan hartu gabe. Hasteko, eraldaketa sakonak diralako, inguruko oreka aldatu daikienak, besteak beste Mundaka-ko olatua desagertaraziz, 2003ko dragatuarekin gertatu zan bezala. Hortaz aparte, ez da kontutan euki atera eta erabili nahi daneko harearen egoera. Urdaibaik iragan industriala dauka, eta harean lurperatuta metal astunak dagoz. Itsadarraren barnekaldera egindako beste hare betetzen batzuk molusku eta krustazeoen heriotza masiboa sortu dau. Baina oraingoan ez da planteatu ere dragatuko daneko gunean kata batzuk aldez aurretik egitea hare horien konposizioa aztertzeko.

Guzti hau gutxi izango balitz, hilabete hauetan egindako lanen emaitzen iraupena ez dago ziurtatuta. Ezin ahaztu itsasoaren maila gora doala pixkanaka, eta etorkizun laburrean klima gero eta zakarragoa izango dala, ekaitz bortitzagoekin. Honen ondorioz ziurrenik estuarioaren sistema osoaren birkonfigurazio bat gertatuko da, eta nahiz eta lan faraonikoak egin, naturak bere lekua aldarrikatuko dau. Ez litzateke beraz zentzukoa izango onartzea urte pare batez hondartzarik egongo ez dala itsagoran Laidan, eta bitartean bere birkonfigurazioa nolakoa dan aztertzea, obra zoroetan sartu aurretik?

 Zain Dezagun Urdaibairi bereziki eskerrak eman nahi dautsodaz emandako informazio guztiagatik

                     

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.