Etengabeko arrapaladan bizi gara, nahiz eta askotan argiegi ez daukagun norantz goazen. Korrika goaz halan bizi behar dogula uste dogulako, besterik gabe. Larrialdiko ilusioan bizi gara, lasterka, segundurik galdu gabe… eta bidean bizia galtzen dogu.

Badirudi gure gizartean gehien aintzat hartzen dana, lanez gainezka egotearen itxura dala, ezta arnas hartzeko unerik euki gabe. Oso argi daukat ni neu banazala holan ibiltzen danako pertsona, eta jendeak sarri nire agenda ikusten dauanean, nire egunen ordu koupuruaren inguruan galdetzen daust. Egin daigun beraz, Isiltasuna.

Proposamen bat botako dautsuet, ea nork hartzen dauan erronka. Alde batera utzi orain egiten zagozana. Dana. Ordenadoretik urrundu, mugikorra isilean jarri, irratia edo telebista itzali. Saia zaitez hamar minutuz isilik egoten. Isilik kanpotik eta barnetik ere. Denbora galtzen zagozala, denbora baliotsua dala, esaten dautsun ahots hori baretu…

Hamar minutu baino ez dira, azken finean, epe hain laburra, zure agendan sartuko ez zeunkena, ezta? Hamar minutu…

Une hontan ohartuko zara inguratzen gaituan zarataz, eta burua geldi gabe daukagula. Eta burura datozten ideia gehienak egiteke daukaguzaneko gauzataz dira. Dana egitear daukazu, hau edo hori ahaztu jatzu, ideia hau apuntatu… Ezin baretu! Maiz esaten da mugitzen dana argazkian irtetzen ez dala, baina benetan buruan sartuta daukaguna, “argazkian irtetzeko” etengabe martxan egon behar garala da. Gure gizarte industrialak, ekoizpena bertute bihurtu dau, etengabe egon behar gara zerbait ekoizten, dana dalakoa. Eta zer egiterik ez dagoanean, behintzat lanpetuta gagozalaren itxura eman.

Politikaren alorrean hau areagotuta bizi dogu. Abiaduran doa dana, eta atzo baliagarria zana, bihar zahartuta egongo da. Proposamenak, ideiak, estrategiak, itunak… Garai aldakorrak dira hauek alor politikoan, aldaketa garrantzitsu baten aurrean gagozala nabaritzen dogulako.

Horregatik isiltasuna, lasaitasuna, aintzat hartu gura dodaz. Har daiguzan gutxienez hamar minutu egunean ezer ez egiteko, isilik egoteko, pentsatu gabe. Ikusiko dozue burua argitzen dala, ideiak garbitu, bizia kolorez ikusiko dozu.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.