Rehabilitación energética capital social EMVS Madrid

Askotan aipatzen dogu birgaitze energetikoa, eredu energetikoaren aldaketan garrantzi handikoa izan daitekeela1. Izan ere, eraikuntzaren sektorea estatuko kontsumo energetikoaren %30a suposatzen dau (%20a Euskadin), baina jakin badakigu energia horren parte handi bat xahutzen dala. Gure herrietan dagozaneko eraikin askok isolamendu energetiko eskasa daukate, behar dabena baino energia gehiago kontsumitzen dabelarik. Azken finean, 1980a baino lehenago egindako eraikinak, araudi energetikorik gabe egin ziran. Baina honen ondoren egindakoak ez dira ezta ere pozteko modukoak. Dana dan, gaur egun eraikin askoren kontsumo energetikoa %80 baten txikitu daikegu arazorik gabe. Honekin lortuko genukeneko aurreztea garrantzitsua izan daiteke, bereziki prekarietatean edota txirotasun energetikoan murgilduta dagozaneko familientzat, bere egoera arinduz.
Eraikinen birgaitzea beraz lehenbizikoa izan liteke eredu aldaketarako eta enplegu berdea sortzeko2. Hasteko, eraikinen faktura energetikoa murrizten dalako, baliabideak beste behar batzutarako askatuz. Gainera, kontsumo energetikoa murrizten da, aldiberean atzerritik erregaiak erosi beharra txikituz, balantza komertziala hobetzen dalarik. Are gehiago, kontsumo energetikoa murrizten denean, aurreztutako energiari dagokioneko negutegi efektuko gasak isurtzea ekiditen da. Baina hau gutxi balitz, lanpostu barri asko sortu daitekez, eta ekonomikoki errentagarria dan modu baten. Erakundeentzat, eraikinen birgaitzea bultzatzeak, kostu bat baino gehiago, diru sarrera bat bihurtu daiteke3.
Baina maiz aurkituko dogu birgaitze energetikoko planak gauzatzean, energiaren aurrezterik lortzen ez dala. Are gehiago, hau gertatzea desiragarria izan liteke planaren lehen etapatan, geroago azalduko dodan bezala. Beste plan batzutan, lanpostu barririk sortzen ez dala ikusiko dogu, edo sortzekotan, hauek prekarioak edo gaizki ordaindutakoak dirala. Itxurazko paradoxa hauek, birgaitze planak proposatzean zelan orientatu behar doguzan pentsatzeko balio behar dabez, eta zeintzu faktoreen arabera baloratu behar doguzan argi uzteko.
Diru laguntza publikoak hartzen dauazaneko birgaitze plan baten lehentasuna, txirotasun energetikoko egoeran edo gizarte bazterketa arriskuan dagozaneko familiak izan beharko lirateke. Etxebizitza hauetan, hasierako egoeran ez dago kontsumo energetikorik, edo hau oso baxua da. Birgaitze energetikoak orduan ez dau benetako aurrezterik lortzen zuzenean, baizik eta barneko baldintzen hobekuntza bat, kontsumo energetikoa mantenduz. Ez da beraz energiarik aurreztuko, bizi kalitatearen hobekuntza garrantzitsu bat baino. Honelako kasuetan, birgaitze energetikoko planak bizi kalitatearen hobekuntza neurtu beharko leuke, planaren arrakasta baloratu ahal izateko.
Beste kasu batzutan, eraikinen birgaitzearekin kontsumoaren errebotea gertatu daiteke, energia aurrezte planetan aspalditik ezagutzen dan fenomenoa. Erraz azaltzeko, hasierako kontsumoaren murrizteak, faktura energetikoa txikitzen dau, baliabide ekonomikoak askatuz. Aurrezte hauek maiz kontsumo barri bat suposatzen dauaneko zerbait erosteko erabiltzen dira, hasierako kontsumo maila bardinduz edo gaindituz. Adibide bat jartzeko, isolamenduaren hobekuntzak, kalefakzioko kontsumoa murrizten dau, eta familia horrek diru eskuragarri gehiago eukiko dau. Diru horregaz, aire girotu bat erosi ahal izango dabe, berriz ere kontsumo energetikoa igoz. Arazo hau sahiesteko moduetako bat, eraginkortasun boltsak sortzea izango litzateke, zeinetan aurrezte energetiko batekin lortutako dirua gordetzen dan, etorkizunean neurri barriak aurrera atara ahal izateko. Modu honetan, aurrezte ekonomikoak ez doaz kontsumo energetikoa handitzera, baizik eta etorkizunean kontsumo energetikoa gehiago murriztera.
Lana sortzeari dagokionez, danetarik aurkitu daikegu. Askotan honelako programek enplegu berria sortzen dabe, eta gainera tokiko enpleguak, egonkorrak eta kalitatekoak. Baina beste askotan ez dira baldintza hauek betetzen. Enpresa asko egoera ekonomiko larritan aurkitzen dira, eta birgaitze energetikoko planak lanpostuak mantentzeko balio dabez, kaleratzeak eragozteko. Baina badagoz baitere programa hauek aldirako kontratazioak egiteko erabiltzen dabezanak, araututakoak baino baxuagoak diraneko soldatak ordaintzeko, edota ordaintzen ez diraneko ordu extrak egiteko. Lan prekarietatea obra publikoetan aspalditik ezagutzen da, eta birgaitze energetikoa ez da oasis bat sektore honen barruan. Hau ikusita, erakunde publikoek zorrotzagoak izan beharko lirateke finantziatzen dabezaneko lanen kontrolean. Nire iritziz, haratago joan beharko leuke, gizarte klausulak ezarriz lan hauetarako, soldata eta lan baldintza duinak ziurtatzeko, eta kontratu egonkorrak bultzatuz.
Eraikinen birgaitze energetikoa aukera ezin hobea da gure auzoetan gizarte kapitala sortzeko, elkarreman komunitarioak sendotuz. Argi dago egin beharreko lan batzuk adituek bakarrik egin ahal dabezala. Besteak beste, isolamendua modu egokian jartzea, edo energia berriztagarriko sistemak instalatzea. Baina badago baitere hain bereiztua ez daneko lana, aldez aurretiko formaziorik behar ez dauana, margolanak adibidez. Birgaitze energetikoa elkartasuneko ekonomia alternatiboa bultzatzeko sektore aproposa izan liteke, lan bereiztua, profesional berrien hezkuntzarekin, tokiko lanaren sorrera eta formakuntzarekin bat lotuz. Eta lanak finantziatzeko, gizarte monetak eta denbora bankuak bezalako tresnak erabiltzearen bideragarritasuna aztertu beharko litzateke baita ere, batez ere baliabide gutxien daukaten familientzat.
Ondorio bezala, eraikinen birgaitze energetikoa eredu energetikoaren aldaketa abiarazteko aukera egokia da, aldi berean enplegu berdea sortuz. Baina gizarte irizpideak gehitu ezkero haratago joateko aukera sortu daikegu, tokiko komunitateak sendotuz. Aurrerapausu hori egiteko aukera aprobetxatu beharko geunke, gizarte kapitala sortuz, eta aldiberean pertsonen bizi kalitatea hobetuz.

Nota   [ + ]

1. Sarrera hoentan Madrileko EMVSek antolatutako “Eraikinen birgaitzea eta enplegu iraunkorraren sorrera auzozo auzoz” jardunaldirako prestatu neban aurkezpena partekatzen dautsuet. Hemen aurkitu daikezue nire interbentzio osoa
2. 150,000 lanpostu berri, iraunkor eta kalitatezko sortu daitekezala kalkulatzen da 10 milioi etxebizitza birgaituz. Lanpostu hauek gainera eraikuntzaren sektorean sortuko lirateke, krisiak gogorren jo dauaneko sektoreetako bat.
3. Datu ekonomikoak oso interesgarriak dira. Birgaitzerako Lan Taldeak birgaitzea bultzatzeko eskema misto bat proposatzen dau: inbertsioaren parte bat beroketako aurrezteekin finantziatuko litzateke -%45-, beste bat ur berotan -%8-, laguntza publikoak -%25- eta jabearen aportazioa -%22-. Azkeneko balio hau ‘Gainbalio Berde’-aren bidez beteko litzateke, eraikin birgaituak lortzen dauaneko balorazioaren igoera, hasierako balioaren %10koa dala estimatzen dana. Laguntza publikoei dagokienez, lanpostu berri bakoitza sortzeko 13,500 – 14,500 euro beharko liratekela kalkulatzen da, langabetu baten diru-laguntza ertaina 19,991 euro izanda. Diru-laguntza hauek aurrezteaz gain, beste diru sarrera batzuk lortuko lirateke, zergen bidez batez ere.

About author View all posts Author website

Aitor Urresti

Erantzunak / Comentarios

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: